Pilotari profesionalen B Serieko buruz buruzko pilota txapelketaren finalerdiak Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatuko dituzte maiatzaren 16an, ostiralez. 21:00etan hasita, txapelketako lau pilotari onenek neurtuko dituzte indarrak Azkoitian, eta pilota enpresek dagoeneko atera dituzte salmentara partida horiek ikusteko sarrerak.
Entradas Fronton atarian eskuratu daitezke sarrerak; kantxako harmaila nagusiko sarrerek 25 euro balio dute, eta goiko solairukoek nahiz errebotekoek, 15 euro. Honako lotura honetan eskuratu daitezke sarrerak.
Izenak, airean
Nolanahi ere, txapelketa oraindik ez da finalerdien geltokira iritsi; izan ere, datorren asteburu honetan bertan jokatuko dituzte final laurdenetako ligaxkako azken jardunaldiko partidak. Azkoitian ariko diren lau pilotarietatik bi baino ez daude gaur-gaurkoz argi: batetik, Iraitz Zubizarreta Zubizarreta III.a ariko da, eta bestetik, Joseba Aldabe. Azken horrek, Agirre-Salaberria partidako irabazlearen aurka jokatuko du Azkoitian, eta Zubizarreta III.ak Bakaikoa-Egiguren V.a demako garailearen kontra.